XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bere kabuz esaten ez dakienez gero, neronek esan dut haren partez, ez dakienez bere baitan halako dotoretasun kardinal bat daramala, neronek esan dut haren partez.

Ilunabarra da.

Bizi osoan gogoratuko omen dut arratsalde hura, baita bere aurpegia eta izena ahaztuko zaizkidanean ere.

Etxe hura non dagoen gogoratuko ote dudan galdetu diot.

Hark erantzun: begira ezazu ongi.

Begiratu dut.

Beste guztiak bezalakoa dela esan diot.

Baietz, hala dela esan dit, beti bezala.

Oraindik ere ikus dezaket aurpegi hura, eta gogoan dut izena ere.

Ikus ditzaket oraindik ere horma zuriztatu haiek, lonazko gortinatxo hura, sukaldera ematen duena, beste ate hura, arku baten gisakoa, beste gelara ematen duena, beste gelara eta aire zabaleko lorategi batera, non beroak itota baitaude landareak eta kalostra azulak baitaude inguru osoan, Sadec-eko landetxetzar hartan bezalaxe, terraza mailakatuak dituen eta Mekong ibaira ematen duen landetxetzar hartan bezalaxe.

Leku babesgabea da, galdua.

Galdetu dit zer dudan gogoan.

Eta nik ama dudala gogoan, hil egingo bainau egia jakinez gero.

Ahalegin bat egiten ikusi dut eta gero esan egin du, esan du ulertzen duela nire amak esan nahi duena, desohore hori, dio.

Gizonak berak ez omen luke halakorik jasaterik izango inoiz elkarrekin ezkontzez gerotan.

Begira gelditu natzaio.

Bera ere niri begira jarri eta desenkusatu egin da, harro.

Txinatarra naiz, esan du.

Irribarre egin diogu elkarri.

Galdetu diot ea normala den hain triste egotea, gu gauden bezala.

Larrutan egunez, berorik handieneko unean egin dugulako omen gaude hala.